Bestalde, Udalak 230.000 euroko partida bat sartu du herrian banatuta dauden haurren jolasguneak hobetzeko eta birgaitzeko.

Durangoko Udalak dagoeneko esleitu du San Inazio parkearen eraberritzea, 1.438m2-ko azalera duena, adin ezberdinentzako haurrentzako jolas berriak eta egonaldietarako hainbat gune eskaintzeko. Horrela, Durangoko Udalak herriko haur-parkeak konpontzeko planarekin jarraitzen du, Otamotzena parke berria egin eta haur-jolasak mantentzeko partida propioa sortu eta gero.

Oinarrizko aurrekontua 85.274 euro + BEZ da, eta lanek hiru hilabete inguru iraungo dute. Otamotzena parkean jarritako antzeko egurrezko altzariez gain, haurrentzako jolasgune berri bat jarriko da adin talde ezberdinentzat, horien artean, tirolina bat arrapala bikoitzarekin, oreka jokoak horizontalean, oreka jolasak sare inklinatuarekin eta tokoiak, besteak beste. Parke berria diseinatzeko, Durango Familiak plataformaren laguntza izan dute udal arduradunek, eta egindako ekarpena eskertu nahi izan diote.

"Gobernu talde honetatik gure herriko haur-parkeak mantentzeko eta berritzeko lanean jarraitzen dugu. Jakin badakigu hainbat adinetako durangarrek hainbeste erabiltzen dituzten espazio horiek ez direla urteetan mantendu. Otamotzena parkearen ondoren, San Inazioren txanda da orain, eta datozen hilabeteetan beste gune batzuk hobetzen jarraituko dugu. Durango atsegina nahi dugu gure seme-alabentzat", azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Aisialdirako hainbat eremu

Egitura tubularreko jokoa ere mantenduko da jolasgunearen erdigune gisa. Kaiak eta hegazkina (hiru elementu) kolunpioaren ondora eramango dira, 0-3 urte bitarteko haurrentzako jolasgune bat sortzeko. Gainera, jolasen osaerak oreka-ibilbide bat egitea erraztuko du, kautxuzko zoladuran hasi eta tirolina abiaraztean amaituko dena.

Altzari berriak parkearen kanpoaldean egongo dira, bertara sartzeko gune bakoitzarekin lotuta, eta bertan egongo dira egoteko guneak. Horrela, proiektatutako altzariek askotariko inguruneak sortzen lagunduko dute: pasealekuan atseden hartzeko guneak, gazteen arteko harremanetarako guneak, adingabeak zaintzeko guneak, etab.

Haurren jolasguneak hobetzea

Bestalde, Udalak 230.000 euroko partida bat sartu du herrian banatuta dauden haurren jolasguneak hobetzeko eta birgaitzeko. Partida horren barruan, 25.000 euro bideratuko dira haurrentzako altzariak berritzeko, 50.000 euro joko egokituetarako altzarietarako, 25.000 euro hainbat eremutako kautxuzko lurzorua ordezteko, 80.000 euro Arripausuetako parkerako eta 50.000 euro mahai-jokoetarako, azken hau gobernu-taldeak (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea ¿ Podemos) eta PSE-EEk adostutako aurrekontu-akordioaren barruan. Azkenik, hiru alderdien arteko akordioak 200.000 euroko partida bat ere aurreikusten du haurrentzako gune bat estaltzeko.

"2022an ahalegin ekonomiko handia egingo dugu Durangon ditugun haur-parkeak birgaitzeko eta material berria jartzeko. Otamotzenako parke berrian egin genuen, San Inazio parkearekin hasiko gara eta beste batzuekin jarraituko dugu, Durangoko haurrek jolas guneak egoera onean izatea garrantzitsua dela uste dugulako", azaldu dute Bravo eta Varela zinegotziek.

 

Azken eguneratzearen data:  2022ko urtarrilaren 11, 11:56

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus